XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pirata eta korsario euskaldunak.

Nork ez du noizpait entzun, irakurri edota pelikularen batetan pirata edo korsariorik ikusi? Begi bat zapi beltz batez estalia duen egurrezko hankadun horien irudia aski ezaguna dugu.

Baina ba al zenekien edota burutik pasa al zitzaizun inoiz gizaki horiek euskaldunak izan zitezkeela? Bada, halaxe da.

Gure arbasoak, itsasoari hain lotuak, Barbarroja beraren aurka ere ibiliak dira burrukan.

Korsarioak eta piratak euskaraz mintzatzen! Baina aurrera jarraitu aurretik bereizketa txiki bat egin beharrean gaude.

Korsarioak eta piratak, batzutan nahastu egiten baditugu ere, ez dira gauza bera.

Biak lapurretatik bizi dira eta eskuetara datorkien untziaren harrapakinaz jabetzea da beren helburua; baina piratak lan hori bere kasa eta inoren agindurik gabe burutzen du, etekinak ere oso-osorik beretzat gordeaz.

Korsarioak, ordea, errege edo aginte baten baimena eta babesa du lapurreta egiteko. Marinel hauek patente de corso izeneko agiri baten jabe dira, erregek luzatzen dietena, eta horren bidez beren lana lasai-lasai egin dezakete.

Jakina, abantaila hauek beren kontrapartida daukate eta honela, erregeren zerbitzura zeudenez, harrapakinaren zati bat berari eman behar zitzaion; eta areago oraindik, eskribau bat ere joan ohi zen itsasuntzi hauetan banaketak, ondasun-banaketak, kontrolatzera.

Araudi zehatz baten arabera funtzionatzen zuten, ez beren gogora.

Euskal Herrian ere denetik agertzen zaigu, erregeren esanetara dabiltzan korsarioak nahiz beren kolkorako egiten duten piratak.

Izan ere, gure herria betidanik egon da itsasoari oso lotua.

Nekazaritzatik ezer gutxi, kostaldean behintzat, eta arrantza eta merkataritza ziren bizibiderik inportanteenetakoak.

Gauzak horrela, itsasgizon trebeez josita zegoen Euskal Herria eta halaber, itsasuntziak gero eta hobeak ziren.

Eta hain zuzen, indar hau aprobetxatu nahi izan zuten Errege Katolikoek.

XV. mendean gaude, Frantziaren aurkako gerrateetan murgilduta dabil Espainia eta flota itxurazko bat sortu nahi du.

Horregatik eskaini zien patente de corso izeneko agiria Frantziaren aurka burrukatu nahi zuten guztiei.

Eta jakina, euskaldunak ez ziren atzera gelditu.

Gainera kontutan izan behar da Euskal Herrian bertan ere bazela arazorik.

Bandoen arteko gerrateak bukatu gabe zeuden artean; ezin ikusiak eta mendekuak, beraz, barra-barra eta janaria urri antzean.

Egoera honetan gaizkitxo etorriko zitzaion askori itsasoak eskaintzen zion irtenbidea.

Burrukan ere zailduak, itsasoari beldurrik ez, arpoia utzi eta ezpata hartzea zen guztia.